XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sakristauak behin eta bi eta hiru aldiz esan zion berak ez zuela behin ere konjurorik egiten ikasi eta berak egitekoa bi emakume haiek ere egin zezaketela.

- Baina adi ezak, mutil. Hik ez duk beste egin beharrik izango, urrutitik, nik esango dudanari Amen erantzun besterik. Hator, Luziano.

- Jauna! Niri etsaiak ez dit batere beldurrik.

Bi emakume horiek berriz, beti otoitzean ari dira eta....

- Arren, zatoz!- esan zion emakumeetariko batek.

- Tori giltza, Joxepa, eta hor konpon.

Apaizak, mehatxuren bat eginez edo ez dakigu nola, konbentzitu zuen behintzat sakristaua, eta han zihoan beste hiruren atzetik.

Bitartean akerra ate ondoan isil-isilik zegoen, handik irten nahian.

Laurak elizara heldu ziren; bi emakumeak otoitzean eta sakristaua atze-atzeka zebilela, apaizak, Aitaren, Semearen... egin eta, nekez bazen ere, sarraila zuloan giltza sartu zuen.

Giltzaz krisk-krask egin zueneko, akerrak bere adarretan hartuz aidean zeraman apaiz gaixoa.

Sakristaua lasterka eta emakumeak garrasika zihoazen, apaizak hitz hauek esan zituenean: - Luziano, hator hona! Ifernuko etsaiak narama!.

- Amen - erantzunez, bere etxera ihesi joan zen sakristaua.